Gurutze Ezkurdia, Magisteritza Eskolako Zuzendaria: “Lortu dugu ikasketak euskaraz egitea, baina ez dugu errealitate berria euskaraz eraikitzen, erdaraz baizik”

admin/ noviembre 4, 2017/ jolasbide 2017/ 0 comments

Gurutze Ezkurdia: “Lortu dugu ikasketak euskaraz egitea, baina ez dugu errealitate berria euskaraz eraikitzen, erdaraz baizik”

Bilboko Maistren Goi Eskolaren mendeurrena ospatzen ari zarete. Atzera begira, eta labur-labur esanda, zertan aldatu da eskola eta irakasleen formazioa ehun urte hauetan? 
1912an estreinatu zuten Juliana Agirrezabalaga zuzendari zela Solokoetxeko eraikina, diputazioak maistren formakuntzarako espreski egin zuen orduan lehendabizikoz eraikuntza. Baina lehenago ere baziren maistren formaziorako ikasketak, 1902tik. Eta are lehenagotik ere magisterio ikasketak baziren Bizkaian, 2015ean 150 urte beteko dira, maisuen eskola sortu zenetik. Hura erdi profesionala zen, eta XX. mende hasieran ez zeukan arrakasta handirik. Ondorioz, eskola berrantolatu zuten eta maistren formakuntzara bideratu zuten. Orain, mendeurrenarekin kointziditu du Bilboko Irakaseen Eskolak eraikin berria duela, hemen Leioan. 
Gorabehera handiak izan dira XX. mendean maisu eta maistren formazioan: une historiko zehatzetan goi mailako formazioa egon denean, oso emaitzak oparoak izan dira. Gero etorri dira kontrako bideak. Hemen, ohituta gaude olatuak bezala gora eta behera ibiltzen itsaso handian; igo ginen LOGSEren garaian, loraldi bat egon zen orduan, lege nahikoa aurrerakoia delako, ez beharbada Euskal Herritik begiratuta, baina bidea eman digu hainbat gauza egin ahal izateko. Orain olatuan behera egingo dugu: LOMCE dator eta  atzera egingo dugu berriro. Eskola honen historia lotuta dago Espainiako hezkuntzaren historiarekin.
 
Historikoki, zeintzuk izan dira maistren goi mailako eskolaren mugarriak?
Mendeurrena ospatzeko egin ditugun ekintzen artean Emakume Abertzaleen Batzari buruzko erakusketa bat eta liburu bat egin ditugu. Aurreko urtean 90 urte izan dira EAB sortu zela, eta horrekin batera, gure goi mailako formakuntza honen mendeurrena dago, eta gurutzatu egin ditugu bi historiak, ikusteko ze harreman dagoen, eta gurutzaketa horretan hainbat aitzindari maistrak direla ikusi dugu. 1921-22 urteetan antolatzen da EAB, eta lehen taldean % 90 maistrak dira.  Maria Jesus Ibazeta,  Martina Casianoren izenak aipa litezke, besteak beste; talde inportantea zegoen. 1918an Eusko Ikaskuntzaren Oñatiko kongresua egin zen, eta hemengo maistra Adelina Mendez de la Torrek hartu zuen parte ponentzia batekin. Honen ondorioz sortu zen lehen ikastola batzaren kontzeptua. Gero ordea, Primo de Riveraren etena izan zen, eta ondoren, Errepublikaren garaiko 6 urteak oso emankorrak izan ziren euskal irakaskuntzarentzat.  Errepublikaren garaian erabaki zen berriro ere maistren formakuntza goi mailakoa izan behar dela, eta hiru urtekoa izatetik lau urtekoa izatera pasa zen 1932an. Lehen promozioa 1936an irten zen, baina horren daturik ez dago, gerra sartu baitzen.
Francorekin beherakada handia etorri zen ondoren, nazionalkatolizismoak beste irakaskuntza eredu batzuk markatu zituen, eta mugimenduaren printzipioak errespetatuko zirela zin egin beharra zuten maistrek.  Batzuek zin egin zuten ezinbestean,  beste batzuek nahi zutelako, suposatzen dut, eta este batzuek uko egin zuten. EABko maistra asko espurgatuak izan ziren.
Francoren garaian, 1963an, Deustuko eraikina egin zuten beren-beregi maistren formakuntzarako, eta asko hobetu zen maistren formazioa. Baina benetako aldaketa 80an gertatu zen, EHUn sartu ginenean. Unibertsitateko kide bihurtu ginen, eta diplomatura moduan egon gara orain hiru urtera arte. Bolonia planarekin lau urtera pasatu gara, eta horrek maisu-maistren lanari garrantzia eman dio, duindu egin du, nolabait esateko. 
 
Irakaslearen figurak gizartean zituen aitortza eta errekonozimendua, zertan dira gaur egun? Irakasleak sinisten du bere lanaren garrantzian?
Uste dut asko galdu dela, baina aitortza hori beharrezkoa du irakasleak, eta batez ere guk formatzen ditugunak, Haur eta Lehen Hezkuntzakoak, kulturaren transmisioa bideratzen dutenak baitira, familiarekin batera. Hor daukagu okerrik handiena. Buelta handia eman behar zaio irakaslearen estatus eta errekonozimenduari, eta bere garrantzia itzuli; irakaslea erreferente bat da edozein pertsonaren bizitzan. Lehenengo urteetan, aita eta amarekin batera, andereñoa da haurraren eredua. Hor badugu hutsune bat: momentu honetan gizon gutxi dago maisutzan. Eta denok dakigu genero-ereduak imitazioz eraikitzen ditugula, hein handi batean. Eredu maskulinoa behar dugu, gizonezkoak behar ditugu. Gutxi daude, hain zuzen gizartean maisu izatea ez delako arrakastatsua, ez delako inportantea, askoz prestigio handiagoa du ingeniari batek, edo ekonomista batek.
 
Mendeurreneko ospakizunetan Francesco Tonuccik  hartu du parte. Zer arrasto utzi dute ikasleen artean haren ideiek?
Arrakastatsua izan da, jendetza etorri zen Tonucci entzutera. Bere diskurtsoa oso erakargarria eta aurrerakoia da, baina ez dakit noraino den berria. 1920-30 urteetan Elbira Zipritiak eta harekin ibili zirenek horrelako metodologia aktiboak erabiltzen zituzten, haurra gaur egun baino askoz protagonistagoa zen. La lengua de las mariposas filmean garbi ikusten da Errepublika garaian zer nolako garrantzia ematen zitzaion ikasleari, deskubritzeari, kalera irteteari. Hori gaur egungo eskolan desagertu da. 
Tonuccik esaten du hiria eta herria umearena egin behar direla. Bai, eta egingo da. Baina gaur egungo umeak eta bere garaikoak desberdinak dira.  Tonucciren garaiko umeek seguruenik auto gutxiko kalea ezagutu zuten, bizikleta norbaitek izango zuen baina ez denek, joango ziren errekara, igoko ziren arboletara… Gaur egun haur horiek kale artean daude, familiak etxean edukitzen ditu neurri handi batean, eta aisialdia guztiz zehaztuta dago: kirola egitera, parkera… Askatasun hori desagertu egin da. Baina, hau ere esan beharra dago: zenbat haur dauzkagu Euskal Herrian? Horrek kezkatuta nauka, ez daukagu seme-alabarik, eta hemen gabiltza, mundua konpontzen, lehengairik ez dugunean. Europako seme-alaba kopururik txikiena dugu. Beraz, gure ugalketa ataka larrian dago. 
 
Zein da une honetan Maistren Eskolaren egoera, eta zein dira erronkak?  
Gure eskolak 1.850 ikasle ditu, gutxi gorabehera. Espazioaren aldetik asko hobetu da, oso gustura gaude eraikin honetan orain, leku aproposa da: Leioako campusean gaude, beste fakultate batzuekin harremanean… 
Boloniako plana antolatu genuenean, metodologia berritzaileetan murgildu ginen. Horren emaitza onak jasotzen hasi gara, eta rankinetan oso ondo kokatuta gaude titulazio aldetik. Bide horretan jarraitzea da erronketariko bat. 
Curriculumaren aldetik, nire iritzi pertsonala da beste hausnarketa bat beharrezkoa dela. Euskal Herriarekin lotutako zenbait arlotan, eta bereziki euskararen arloan. Errealitate paradoxiko bat bizi dugu: lortu dugu Karrantzako 14 urteko haurrak euskalduntzea; lortu dugu gaur egun ikasle gehienek euskaraz jakitea, hobeto edo okerrago; lortu dugu maisu-maistra izateko %25 (30 kredito) euskaraz ikasi beharra derrigorrez, eta hori lorpen handia da, nire ustez. Baina horren aurrean ez da jendea euskaraz mintzo, eta gizartea gero eta erdaldunagoa da. Oinarrian euskaraz jakin edo euskaraz komunikatzen ikasita gauden arren. Ez dugu eraikitzen errealitate berria euskaraz, erdaraz baizik. 
Lehen salatzen genuen euskaraz ikasten genuena itzulita zegoela, euskaratutako erdal kultura zela, eta hori ez zela gakoa.  Euskal errealitatetik eraiki behar dugu gure curriculuma, euskaraz. Hori da gakoa. Edozein hizkuntza bere kulturarekin uztartuta dago, eta zentzu horretan, sistema horretan eraiki behar da. Bestela ez dago erreprodukziorik. 
 
Ahozkotasuna bizirik zegoenean, gure mundu erreferentziala euskalduna zen; 1985etik aurrera, beherantza goaz. Bukatu ziren proiektu pedagogikoak, eta hasi ziren argitaletxeak. Baina bertako argitaletxeek ez zuten ahalmen ekonomikorik merkatuari aurre egiteko. Ez dago konpetentzia egiterik Santillanari, esaterako. 
 
Horrekin batera, eztabaidetan gogortuta gaude: zer da curriculuma? Zelan egin behar da? Begoña Bilbao, Karmele Perez  Urraza eta ni neu oso kritikoak gara zentzu batean egin diren ahaleginekin. Ahaleginak egin behar dira, eta egin dena ondo dago, baina uste dut egin diren teorizazio batzuk oso arriskutsuak direla, hain zuzen, ez dutelako eraikitzen euskal errealitatetik etorkizuna. Euskal nortasun horren ardura eskolari utzi diogu, ahozkotasuna bukatu den momentutik. Erdaraz alfabetatzen hasi ginen, eta horrekin batera sartu zaigu elementu oso inportante bat gure sukaldean: telebista. Telebista erdaraz ikusten da, gehienetan. Horrekin batera beste eragile garrantzitsu bat sartu da gazteen artera: teknologia berriak. Hortik edaten dutena auskalo nork kontrolatzen duen, baina gehiena patroi kultural hegemoniko batetik edaten dute, gauza askotan espainolez —Ipar Euskal Herrian, frantsesez—, eta beste batzuk ingelesez. Munduko jauntxoak une honetan horiek dira guretzat.
 
Orduan, zer erreproduzitzen dugu? Etxean oso finko ez badago euskal nortasun hori, eta eskolak ez badu hori berrindartzen, dibortzioa dago. Eta dibortzioaren ondorioz, zatiketa dator. 
80ko hamarkadako mezua zen euskaldundu behar genuela jendea; euskaldunak jada ez dira bakarrik leinuz datozenak, Sabino Aranak zioen moduan, baizik eta 60ko hamarkadako pentsamentu iraultzaren ondorioz euskalduna da euskaraz ikasten duena, mintzatzen dena eta bertan lan egiten duena, nahiz eta kanpotik etorria den. Hemen bizi diren guztiak euskaldunak izango dira baldin eta euskara ikasten badute. Nola ikasi? Eskolaren bidez. Eskolak egin du hizkuntza irakatsi, baina ez kultura transmititu. Hor badugu beste dibortzio bat. 
 
Ni sartu nintzenean magisterio eskolan, 1983an,  ordubeteko klasea egiten genuen euskaraz. Gaur egun dena euskaraz ikasten da, aldaketa izugarria izan da arlo horretan. Orduan oso hedatua zegoen zera esatea: “a, txikitxoekin lan egin behar duzu? Trankil! Euskara apurtxo bat jakinda nahikoa da”. Eta horren eredu traketsa umeak peto-petoan hartzen du; umeak ez du berbarik egiten baina  dena artxibatu egiten du. Askotan haur txikiekin jarri ditugun hizkuntza-ereduak oso murritzak izan dira. Oraingo erronka da hizkuntza-eredua hobetzea, kasu batzuetan, eta kultur-eredua osatzea, transmisioa bideratu ahal izateko. 
 
Eskolak hizkuntza irakatsi du, baina erreferentzia kulturalik gabe?  
 
Ez, erreferentzia kultural erdaldunekin. Erreferentzia kulturalak irakatsi egiten dira. Hor beste gai bat dago: mespretxu bat egon da. Testu-liburuetan euskalduntasunari buruz dauden erreferentziak zaharkituak dira: mundu zaharra da, rurala, ez da modernoa, ez da erakargarria, artzaintza, kaikua, txalaparta… Hori horrela irakatsita, bere idiosinkrazia guztiarekin ez baduzu irakasten, mespretxurako baino ez du balio. Eta gaur egungo exekutiboen artean asko euskaraz mintzo dira, baina ez dira euskal mundu horretatik hurbil, batzuk kenduta. Esaterako, EHUko errektorea dantzaria da, euskal kulturaren erreferente bat da, eta hori goraipatzekoa da. Niretzat behintzat oso inportantea da. Paulo Iztuetak dio Bilbo euskalduntzen dugunean eta goi mailako jendea euskalduntzen dugunean euskarak eta euskal munduak aurrera egingo dutela.
 
30 urteren buruan, lortu dugu gazte gehienek euskara ezagutzea, eta unibertsitatean goi mailako ikasketa guztiak euskaraz egin ahal izatea. Horrek eroan behar gaitu erabilera planteatzera. Nire ustez, hurrengo erronkak erabilera eta kulturaren transmisioa dira. Hemengo gatazkarik handiena ez da politikoa, kulturala da; munduan dauden gerrak, oinarri-oinarrian, gerra kulturalak dira. Lehengo egunean eduki genuen hemen NBEn dauden herri indigena batzuetako ordezkariak, eta haien errealitatea ere gatazka kulturala da, batez ere. Eta, nire ustez, gurean ere etorkizuneko gatazka hori izango da oinarrian, gatazka kulturala, eta politikoa neurri batean ere bai. Euskal Herriak ez du izan botererik 500 urtean, baina mantendu du bere kultura. Noiz egon da kinka larrian euskal kultura? Oraintxe bertan. 
 
Irakaslearen formazioari dagokionez, unibertsitatean zein eztabaida daukazue mahai gainean  arlo pedagogikoan?   
Nik uste dut curriculumaren egokitzapen batzuk behar direla, esaterako, matematika gehiago irakatsi beharko litzateke; hezkuntzaren teoria eta historia oso gutxi irakasten da, euskal irakaskuntzaren historia eta izan diren teoria pedagogiko inportanteenak irakatsi behar dira, eta horretarako denbora pixka bat gehiago beharko litzateke. 
 
XXI. mendeko ikasleak heziko dituzten irakasleak prestatzen ari zarete. Nolakoa izan behar du etorkizuneko irakasleak?
Galdera zaila da, ideologikoki ñabardurak egin daitezkeelako. LOMCEk beste modu bateko irakaslea eskatzen du baina nik uste dut behar duela izan Euskal Herriko kulturan murgilduta bizi den pertsona bat; argi izan behar du haurra dela pertsona zoragarri bat, baina ezin zaiola kalterik egin, askatasuna eman behar zaiola. Tonucciren haritik edan behar da, baina baita Montessoriren haritik, Fraineten haritik eta pedagogo handien haritik ere. Uste dut berreskuratu behar dela, ez bakarrik irakaslearen partetik gizarte osoaren partetik baizik, naturarekiko harreman orekatua; hizkuntza aberatsa irakatsi behar da, eta euskara eta euskal kulturan oinarritutako eredu bakarra; teknologikoki ondo prestatua baina oso kritikoa.
Gizarteari buruzko iritzi kritikoak dituen irakaslea behar da, non dagoen, zertarako egiten duen lan, zer lortzen duen bere lanarekin…. bere buruaren jabe den irakaslea behar dugu. Hori argi dago.
 
Errealitatera etorrita, gaur egungo ikasleek zein perfil dute?
Dauzkagun ikasleak ondo prestatuta daude, goi mailako ikasleak ditugu, eta abilak dira. Behar dute heldutasun bat, behar dute indibidualismotik haratago joan eta ulertu gizartean maila kolektiboan lortzen direla gauzak. Guk horretara bultzatzen ditugu, ikasketak lan taldetan egitera, arlo kolektiboa indartzera, oso indibidualistak direlako. Baina bakoitzak bere bidea egin behar du eta egingo du.
 
LOMCE aipatu duzu. Zein iritzi duzu, irakasle eskolaren ikuspegitik, Espainiako Gobernuak onartu berri duen hezkuntzaren erreformarako legeari buruz?
 
Ez dizut ezer berririk esango: atzerakada bat da. Nazionalkatolizismoaren ideiak berreskuratzen ditu, eta batzuek diote 70eko Ley General de Educación hartara goazela. Nondik hasi? Sexu banaketaren gaia planteatu da berriz. Neska eta mutilen arteko segregazioa. Hausnarketa inportantea da, batez ere gizonezkoen porrota ikusita hainbat arlotan… Baina LOMCEk gaia planteatzen duen ere atzerakada bat da. Sumatzen dut gizonezkoak porrot handi bat jasaten ari direla zenbait arlotan, batez ere akademikoan. Lehengoan diploma banaketa batean egon ginen, medikuntzan, eta ez dakit %10era heltzen ziren gizonezkoak. Zergatik da hori? Non dago porrota? Zergatik sartzen dira unibertsitatean emakumezko gehiago gizonezkoak baino? Galdera asko dago, eta beharbada hezkuntza sistemak  zenbait gauza pentsatu beharko ditu. Beti ere gogoan hartuta gizarte misto batean bizi garela. 
 
LOMCErekin jarraituz, azterketa izango da helburua, eta ez pertsonaren ongizatea. Ikasi behar da errentabilitate bat lortzeko, eta ez pertsona helduagoa eta osatuagoa izateko. Merkatura bideratutako ikasketa bat da, azterketa konpetitiboa, produktibitatea eta konpetitibitatea bultzatzen diren heinean desberdintasunak bultzatzen ditu, eta elkartasuna eta modu kolektiboak alde batera uzten ditu. Gaur dugun gizartea  inoiz baino indibidualistagoa da, sistemak hori bilatu duelako, ez du nahi gizabananakoak, oso ahula dena bakarrik dagoenean, elkartasunik garatzea eta modu koletiboak eraikitzea. Beraz, lege honek horretan eragina izango du. Azterketak horretara eramaten gaitu, konpetitibitatera, bestea baino gehiago izan nahi izatera.
Guk etengabeko ebaluaketa bultzatzen dugu, oso konplexua eta konplikatua dena, azterketa egiten da, baina badago beste ibilbide bat ebaluaketa egiteko. 
Gurasoen partehartzea txikiagoa izango da LOMCErekin, boterea galduko dute, zentralizazio handiagoa, ikastetxeek autonomia galduko dute… Horrez gain, hizkuntza koofizialak bigarren mailara kartzen dira, eta hori guretzat oso kaltegarria da. Errendimendu akademikoa saritu egingo da, beraz, azterketetan onenak direnak saritu egingo dira eta txarrenak zigortu. Horrek ekarriko du onenak beti izatea baliabide gehien dutenak, alegia, aberatsak, eta gutxien dutenak, pobreak. Desberdintasun sozialak gero eta handiagoak izango dira. 
 
LOMCEri aurre egiteko, zer egin daiteke?
 
Guk ezin dugu legearen gainetik pasa, gure historiaren patua hori da. Tamalez, Espainian egoteak baldintzatu egiten gaitu, Espainian gobernu bat datorren bakoitzean hezkuntza lege berria egiten du. Horrek ematen du ezegonkortasun estrukturala, ez dira kapaz estatu paktu bat egiteko hezkuntzaren inguruan. Horrek kaltertu egiten gaitu zuzenean. Nik uste dut orain lortu duguna ezin dugula galdu.
Uste dut errezisistentzia zibila ere beharko litzatekeela. Zenbait gauzatan derrigor ezarri beharko da legea, baina beste gauza batzuetan gure bidea egiten jarraitu beharko dugu, orain arte egin dugun bezala. Ikastolekin erresistentziako bideetan hasi ginenean, Francoren erretratua jarri behar zen, eta jarri genuen, azken batean erretratu batek ez du kalterik egiten, baina guk euskaraz ikasi genuen, euskal kulturan. Nik Xabiertxo-rekin ikasi nuen irakurtzen. 
Jakin behar dugu gauza garrantzitsuei aurre egiten, eta anekdotikoak alde batera uzten. 
 
Erresistentzia zibila aipatu duzu. Katalunian, esaterako, intsumisiorako deia egin zuen Generalitateak.
 
Hiru magisterio eskola publiko daude, gehi hiru pribatu. Eta Nafarroan beste bat. Formakuntza horretan adostasunak negoziatu egin behar dira, ez dira nolanahi lortzen. Baina uste dut paktua euskal gizartean egin behar dela, behar dela hezkuntzaren inguruko paktu bat egin, baina ez dakit nola. Eusko Jaurlaritzak jakin behar du zein hezkuntza-eredu nahi duen, eta bestetik eragile ezberdinak daude, norbere ereduekin. Oinarri batzuetan bat egin behar da: euskara, euskal kultura… Hori bermatu behar dugu. Praktikoak izan behar gara, minimo batzuk adostu eta horrekin aurrera egin eguneroko lanean.
Harrituta gaudela esango nuke, harri bihurturik, geldi. Harrituta gaude azken aldaketekin,  eta ez dugu erantzun bat emateko zirkinik egin. Eta hasi beharko da zirkin egiten. Baina hemen ikasleen mugimenduek porrot egin dute, ez dago ikasle mugimendurik, eta horrek kezkatzen nau.
 
 

Leave a Comment

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>
*
*